Bilatzailea :
Menura itzuli
2 Uzt 2024
Berrikuntza
Alegazioek oinarritzat hartu dute ondasun eta ekipo elektrikoak nahiz elektrizitate-sareen digitalizaziorako soluzioak fabrikatzen dituzten 8 enpresa elkartekidek osatutako Lantaldeak landu duen “Elektrizitate-sareetarako soluzio digitalen azterketa teknikoa eta erregulaziorako estandarizazio teknikoaren proposamenak” delako txostena.
Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak (MITERD) aurretiazko kontsulta publikoa ireki du garraio eta banaketa sareetako inbertsioen muga aldatzeari buruz, eta alegazioak aurkezteko epea 2024ko uztailaren 3ra egongo da zabalik.
Eskaera honi erantzunez, Euskadiko Energia Klusterrak aurkeztutako alegazioen dokumentuak, oro har, banaketa eta/edo garraio sareetako gehieneko inbertsio-bolumena barne-produktu gordinaren ehunekoetan handitzea proposatu du, trantsizio energetikoaren egungo testuinguruan sareetan aurreikusitako premiei erantzuteko moduko kopuru bateraino. Era berean, Euskadiko Energia Klusterrak elektrizitate-sareak indartzeko garrantzi berezia duten ekipo eta soluzio digitalen tipologia jakin batzuk erregulazio-esparruan aitortu eta behar bezalako ordainsaria izan dezatela eskatu du.
Horrez gain, beren-beregi nabarmendu du inbertsio horiek dakarten aukera handia, eskatutako produktu, zerbitzu eta teknologien enpresa hornitzaileek herrialdean jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sor dezaten. Espainiak, eta bereziki Euskadik, balio-kate industrial indartsua dute elektrizitate-sare adimendunetan, nazioarteko merkatuetan ondo posizionatuta dauden enpresa berritzaile eta lehiakorrei esker.
Alegazioek oinarritzat hartu dute Ariadna Griden ekimenez 2023an eratu eta Arteche, Ingeteam, Lumiker, Merytronic, Ormazabal, Pronutec eta ZIV partaide dituen Lan Taldeak egindako lana. Elektrizitatea banatzeko sareetan egindako inbertsioen egungo ordainsari-esparrua aztertzea, inbertsio horiek sare adimendunen balio-kateko enpresetan duten eragina baloratzea, eta erakunde arautzaileei zein intereseko beste eragile batzuei erregulazio-esparrua hobetzeko proposamenak egitea izan dira Lan Taldearen helburuak. Proposamenek Lan Taldeko enpresek garatutako ekipo eta soluzio digital jakin batzuen karakterizazio teknikoa landu dute nagusiki, erregulazio-esparruan zein ordainsari-esparruan behar bezala aitortzen laguntzeko asmoz.
Energia elektrikoaren banaketa-jardueraren ordainsaria kalkulatzeko metodologia finkatu duen abenduaren 27ko 1048/2013 Errege Dekretuan xedatu denez, energia elektrikoa banatzeko sarean egin eta sistemaren kontura ordainsaria jasotzeko eskubidea ematen duen urteko inbertsio-bolumenak ezingo du gainditu Gobernuak urte horretarako aurreikusitako Espainiako barne-produktu gordinaren (BPG) % 0,13. Energia elektrikoaren garraio-jardueraren kasuan, sarean egindako inbertsioaren urteko bolumenaren muga BPGaren % 0,065 da.
Garraio eta banaketa sareetan egin beharreko inbertsio-bolumena egungoa ez bezalako egoera ekonomiko eta energetikoan ezarri zen. Orain, MITERDek elektrizitate-sareetako urteko inbertsioaren erregulazioa berrikusteko premiari buruzko kontsulta ireki du, trantsizio energetikoaren testuinguru berrira egokitu eta malgutasun handiagoa emateko asmoz.
Hitz gakoa
Kluster aktibitateak
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com