Bilatzailea :
Menura itzuli
7 Mai 2024
Ostiralean, maiatzak 3, Industria Deskarbonizatzeko Foroaren beste topaketa bat antolatu zuten, DCARTECH Aliantza osatzen duten industria-klusterrek (Euskadiko Energia Klusterra, Aclima, AFV, ClusterPapel eta Siderex), energia-eraginkortasun eta deskarbonizazioko soluzioen eskaintza eta eskariaren arteko lankidetza sustatzeko asmoz. Ekitaldia EIC-Energy Intelligence Centren egin zen, eta 71 euskal enpresa eta erakunderen 120 ordezkari baino gehiago bildu zituen.
Jardunaldiaren hasieran, Aitor Urzelai SPRIko Zuzendari Nagusiak industriaren deskarbonizazioak dakartzan askotariko erronkak nabarmendu zituen, baita Euskadiko enpresen garapen teknologikorako aukera berriak ere. Ondoren, Cristina Oyón SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko Zuzendariak euskal industriaren deskarbonizazioa bizkortu eta garapen teknologikorako aukeren sorrera sustatzea xede duen Net-Zero Basque Industrial Super Cluster (NZBISC) ekimenaren egoera azaldu zuen. Aurkezpenean, Cristinak ekimenean orain arte egindako aurrerapenak errepasatu eta hurrengo fasean garatuko diren lan-esparruak aurreratu zituen.
Jarraian, SPRIk NZBISCn bazkide dituen REPSOL eta IBERDROLA enpresek industriaren deskarbonizazioa sustatzeko bultzatu dituzten bi ekimen berri eman ziren ezagutzera. Alde batetik, REPSOLek ARCELORMITTAL, HOLCIM eta IBERIArekin batera sustatutako All4Zero industria-berrikuntzarako huba, ARCELORMITTALeko Berrikuntza Zuzendari Iñigo Ezquerrak aurkeztu zuena. Bestetik, Xabier Antiza IBEDROLAko Industria Deskarbonizaziorako Unitatearen Laguntza arduradunak eskaera termikoaren deskarbonizatzea helburu duen Q-Cero aliantza aurkeztu zuen.
Jardunaldiko lehen blokean, euskal industriaren deskarbonizaziorako berrikuntzako hub berria aurkeztu zen, Basque Industrial Hub (BIH4C), IS2H4C europar proiektuaren barruan sortutakoa. Lehendabizi, Nora Fernandezek, TECNALIAko Proiektuen Zuzendariak hubaren sorrera NZBISCn egindako sektore arteko sinergien analisian kokatu zuen, eta haren esanetan, IS2H4Cn, "From Industrial Symbiosis to Hubs for Circularity", BIH4Cek Alemaniako, Herbehereetako eta Turkiako beste hiru polo industrialekin bat egin du, deskarbonizazioa sinergia energetikoen bilaketa eta ezarpenaren bitartez, baliabideen erabilera eraginkorraren laguntzaz eta berrikuntza teknologikoa sustatuz bultzatzeko asmoz. Ondoren, Asier Zubero SIDENOReko Climate Change Managerrak eta Gorka Mendizabal CALCINOReko I+G+b eta Marketineko buruak proiektuan enpresa horien industria-instalazioetan inplementatu eta frogatuko diren teknologia berritzaileak zehaztu zituzten. Azkenik, José Ignacio Hormaeche EUSKADIKO ENERGIA KLUSTERREKO Zuzendari Nagusiak, BIH4Cen dinamika lankidetza bidezko ekimen berrietara irekitako Lantaldetzat aurkeztu eta ekainaren 6an Bartzelonako Net Zero Tecn Azokan aurkeztuko dela aurreratu zuen, mahai-inguru formatuan, TECNALIA, PETRONOR INNOVACIÓN, SBS eta SPRIren ordezkariak partaide direla. Kafe-etenaldian bertaratutakoei iritziak partekatzeko aukera eman zien networking-gunea eratu zen, eta jarraian, jardunaldiko bigarren blokea ireki zen, industriaren deskarbonizazioan laguntzeko hainbat mekanismo aztertuz.
María San Salvador del Valle GLOBAL FACTOReko Senior Project Manager eta Energia Nazionalaren Arloko Arduradunak Energia Aurrezteko Ziurtagirien (EAZ) sistema berriari buruzko ikuspegi orokorra eman eta hazkunde garrantzitsua iragarri zuen datozen urteetarako EAEko merkatu-bolumenari dagokionez.
Gainera, Cristina Oyónek enpresei deskarbonizaziorako inbertsioak egiten laguntzeko zenbait mekanismo deskribatu eta beren-beregi nabarmendu zuen SPRI-Eusko Jaurlaritzaren euskal industria deskarbonizatzeko laguntza-programa, ekainaren 20ra arte deialdia irekita daukana.
Amaitzeko, Miriam Bores GLOBAL FACTOReko Industria Arloko Senior Consultant-ak EBko Karbonoari lotutako Mugetako Doikuntza Mekanismo berria (CBAM) azaldu zuen, baita arau hau indarrean sartu izanaren ondorioz datozen urteotan bete beharko diren neurri berriak ere.
Hitz gakoa
Berrikuntza
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com