Bilatzailea :
Menura itzuli
15 Uzt 2024
Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen uztailaren 11n Industria Deskarbonizatzeko Foroaren urteko bigarren topaketa, SPRIk koordinatua eta DCARTECH Aliantza osatzen duten industria-klusterrek (Euskadiko Energia Klusterra, Aclima, AFV, ClusterPapel eta Siderex) antolatua. Bertan, 72 euskal enpresa eta erakunderen 120 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten, industria arloko energia-kontsumoaren elektrifikaziorako egungo teknologiek nahiz sortu berriek eskaintzen dituzten erronkak eta aukerak aztertzeko.
Jardunaldiaren hasierako hitzaldian, Aitor Urzelai SPRIko Zuzendari Nagusiak beren-beregi nabarmendu zuen Euskadiko enpresek industriaren deskarbonizazioaren inguruan agertu duten jakin-min handia eta eskerrak eman zizkien bertaratutakoei ekitaldian parte hartzeagatik. Ondoren, Cristina Oyón SPRIko Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko Zuzendariak industriaren deskarbonizazioa bizkortu eta aldi berean garapen teknologikorako aukeren sorrera sustatzea xede duen Net-Zero Basque Industrial Super Cluster (NZBISC) ekimenaren egoeraren berri eman zuen. Aurkezpenean, Cristinak NZBISCen hurrengo etapan garatuko diren lan-ildoak izan zituen hizpide.
Jarraian, Samuel Pérez IBERDROLAko Eskariko Teknologien Arduradunak ezagutzera eman zituen konpainiaren ikuspegia eta estrategia industriaren energia-eskariaren elektrifikazioari buruz. Hitzaldian, energia elektrikoaren kontsumoan epe ertain eta luzera aurreikusi den hazkundea azaldu eta ikuspegi orokorra emnan zuen elektrifikazio hori ahalbidetuko duten teknologiei buruz. Ondoren, Isabel Loureiro i-DEren Ipar Eskualdeko Sare-Plangintzaren Arduradunak elektrizitate-sarean inbertitzeko premia nabarmendu zuen, elektrizitatearen kontsumoaren hazkunde horri aurre egin eta euskal industriaren deskarbonizazio-prozesua bideratzeko.
Elektrifikaziorako soluzioak eskaintzen dituzten enpresen pitch aurkezpenen multzoaren hasieran, Ander Aparicio SEDICALeko Bero Ponpen Produktu Buruak tenperatura altuko bero ponpen zenbait aplikazio-kasu aurkeztu eta dagoeneko errealitate bat direla nabarmendu zuen. Bestalde, Gorka Naveran GIROA-VEOLIAko I+G+b Sailaren Koordinatzaileak prozesuen sistema osagarriak deskarbonizatzeko soluzioak aurkeztu zituen: prozesuen eraginkortasuna hobetzeko aukera nabarmendu zuen, kontrol-filosofian aldaketak ezarriz edota biltegiratze termikoaren teknologia garatuz, prozesuei malgutasuna ematearren. Azkenik, Sergio Calvo EDISON NEXTen Ipar Eremuko Sales Managerrak energia-eraginkortasuna hobetu eta prozesuak deskarbonizatzeko enpresei eskaintzen dizkieten askotariko zerbitzuak aurkeztu zituen.
Bertaratutakoei iritziak partekatzeko networking-guneaz gozatzeko aukera eman zien kafe-etenaldiaren ondoren, jardunaldiko bigarren blokearen hasieran, I+G arloko 2 proiektu aurkeztu ziren. Lehendabizi, Laura Juaristi TAMOINen I+G+b arloko Arduradunak ezagutzera eman zuen BEROA+ Hazitek Estrategikoa, 10 euskal enpresak osatutako partzuergo bati temperatura altuko bero-ponparen eta xurgapen bidezko bero-transformadorearen prototipoak garatzeko aukera emango diona. Ondoren, Alberto Abuin TECNALIAko Fabrikazio Prozesuen eta Materialen Arloko Merkatu Arduradunak eta Iñigo Crespo Materialen eta Prozesuen Arloko Ikertzaile Seniorrak siderometalurgia eta zementuaren industria deskarbonizatzeko tenpera altuko berotze-sistema hibridoak ikerzea helburu duen DESGAS Elkartek proiektua aurkeztu zuten.
Aurkezpenei amaiera emateko, Marcos Escudero Industria eta Turismo Ministerioko Industria Politiken Arloko Buruak Deskarbonizaziorako PERTEaren 1. Ildoko lehen deialdian aurkeztutako proiektuen balantzea egin zuen, izan ere, 138 proiektu trakziogile aurkeztu dira, eta 20 proposamenekin, Euskadi da proiektu gehien aurkeztu dituen bigarren autonomia-erkidegoa, Kataluniaren atzetik. Azkenik, Marcosek PERTEren 4. Ildoaren planteamendua aurkeztu eta 1. Ildoaren zein 4. Ildoaren etorkizuneko deialdietarako aurreikuspenei buruzko xehetasunak eman zituen.
Topaketaren bukaeran, B2B aldebiko bilerak egiteko gune bat prestatu zen, bertaratutakoen arteko elkar ezagutza sustatzeko asmoz, eta horren aurretik, matchmakingerako tresna bat eskaini zieten haien arteko bilerak eskatu eta onartu ahal izateko. Guztira, 30 B2B baino gehiago antolatu ziren, eta parte-hartzaileek hainbat erakunde ezagutu eta balizko lankidetza-aukerak esploratzeko aukera izan zuten.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com