Bilatzailea :
Menura itzuli
13 Eka 2024
Euskadiko Energia Klusterrak, ESECA proiektuaren partzuergoarekin batera, laugarren enpresa-misioa antolatu du Afrikara –oraingoan Dar Salaamera (Tanzania)– ekainaren 3tik 7ra bitartean, merkatu horretan intereseko harremanak finkatu eta energia berriztagarrien nahiz smart grid-en sektoreetan Europako enpresentzako aukera berriak sortzeko asmoz. Misioan energiaren sektoreko 4 enpresa europarrek parte hartu dute, eta horien artean daude Cegasa eta R2M Solution.
Tanzaniak baliabide handiak ditu energia berriztagarrien arloan (eolikoa, eguzki-energia, geotermia, biomasa eta hidroelektrikoa), baina elektrizitate-sarearekin duten konexio-maila mugatua da, bereziki landa-eremuetan. Herrialdea trantsizio energetikoa errazteko abiarazten ari den prozesuak eta datozen urteetarako elektrizitate-eskarian aurreikusi den hazkunde azkarrak bultzatuta, presazko inbertsioak behar dira sorkuntza berriztagarriko eta transmisioko sistemetan, eta honek intereseko aukerak eskaintzen dizkie fabrikatzaileei azpiegitura horiek garatzeko eta biltegiratzea duten autokontsumo-sistema isolatuak nahiz mugikortasun jasangarriko soluzioak hedatzeko.
ESECAren partzuergoak misioaren lehen egunean antolatu zuen workshopak herrialdeko energia-sektoreko erakunde garrantzitsuenen hitzaldiak bildu zituen: Energia Ministerioaren, TANESCOren (sare-operadorea) eta TAREAren (Tanzania Renewable Energy Association) ordezkariek Tanzaniako energia-merkatuaren egungo egoera, lehentasunak eta negozio-potentziala aurkeztu zituzten. Bestalde, Europako enpresek –hauen artean, Cegasa eta R2M Solution– esparru honetan dituzten gaitasunak, soluzio teknologikoen eskaintza eta sektoreak planteatutako beharrizanetara egokitzeko aukera aurkeztu zituzten. Aurkezpenen ondoren, B2B bilera-saioa antolatu zen hizlarien eta workshopera bertaratutakoen artean, sinergiak eta lankidetza-aukera zehatzak identifikatzeko.
Hurrengo egunean, Europako ordezkaritzak Davis & Shirtliff-ek zabaldutako estalki gaineko autokontsumo-instalazio fotovoltaiko bat bisitatu zuen, eta horrekin batera, eMo Mobility-ren mugikortasun elektrikoko soluzioak ezagutu eta ospitaleei biltegiratzea duten autokontsumo-soluzioak ‘giltza eskuan’ hornitzen dizkieten TAREA zein GadgetroniX-en ordezkariekin biltzeko aukera izan zuten.
Misioaren amaieran, ordezkaritzak TAREAk ekainaren 6 eta 7an “Renewable Energy for Inclusive and Green Economy” lemapean Dar es Salaam antolatu zuen Renewable Energy Week (REW), delakoan parte hartu zuen. Ekitaldiak tokiko energia-sektoreko eragile nagusiak bildu zituen, eta Tanzaniako egungo egoera, erronkak eta trantsizio energetikoa errazteko moduko teknologiak mintzagai izan zituzten saioekin batera, erakusketa-gunea eta lankidetza sustatzeko networking-gune bat ere eskaini zituen.
Horrela, itxita geratu da ESECAren partzuergoa azken urtean Senegal, Kenya, Ruanda eta Tanzaniara eraman duen Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetara egindako enpresa-misioen zikloa, Europako energia-sektoreko 46 enpresaren parte-hartzeaz eta balantze arras positiboa eginez sektorearen eta bisitatutako herrialdeen premien ezagutzaz, intereseko eragileekin izandako harremanez eta epe labur-ertainera identifikatutako jarraipen-aukerez.
European Sustainable Energy Cluster partnership for Africa (ESECA) Espainia, Frantzia, Italia eta Alemaniako bost kluster europarrek (ACE, MEDEE, LE2C, MetaIndustry4 eta ECPE) osatutako partzuergoa da. Guztien artean, 550 erakunde eta 290 ETE inguru ordezkatzen dituzte. Energia berriztagarrietan zein energia elektrikoaren sorkuntzan, banaketan eta transmisioan Europako enpresen arteko lankidetza sustatzea da ESECAren helburu nagusia, elkarren artean partekatutako helburuen inguruan Saharaz hegoaldeko Afrikako merkatuetara (Senegal, Ghana, Kenya, Tanzania eta Ruanda) zuzendutako nazioartekotze-plan bateratua garatzeko asmoz.
Hitz gakoa
Internazionalizazioa
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com