Bilatzailea :
Menura itzuli
10 Eka 2024
Ekainaren 5 eta 6an antolatu zen Net Zero Tech azokaren lehen edizioa, produktu eta zerbitzuen deskarbonizaziorako soluzio berritzaile eta efizienteen inguruan. Euskadiko Energia Klusterrak moderatutako saioak euskal industria deskarbonizatzeko IS2H4Cren barruan eratutako berrikuntza-hub-a izan zuen ardatz, SPRI-Eusko Jaurlaritza, Tecnalia, Petronor eta SBSren parte-hartzearekin.
Net Zero Tech deskarbonizaziorako soluzio eta zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak eta amaierako balizko eskatzaile edo erabiltzaileak bilduko dituen topagune berria da. Azokan antolatutako aldi bereko hitzaldi-saioetan jorratu ziren gaien artean, ekoizpen-prozesuen energia-eraginkortasunaren hobekuntza, kontsumoaren elektrifikazioa, erregai alternatiboak, karbonoaren atzipena eta ekonomia zirkularra aipa daitezke, besteak beste.
Azokako “Case Studies Tech” programaren barruan, José Ignacio Hormaeche Euskadiko Energia Klusterreko Zuzendari Nagusiak IS24HC proiektu europarra mintzagai izan zuen saioa moderatu zuen, proiektu honen barruan euskal industria deskarbonizatzeko eratu den BIH4C berrikuntza-hub berriari arreta berezia emanez. IS2H4Ck lehendik dauden industria-eremuen eraldaketa bultzatzea du helburu, eta horretarako, energia arloko sinergiak, baliabideen erabilera eraginkorra eta berrikuntza teknologikoa bilatu eta ezarriko ditu, eskualde mailako garapen jasangarrirako eredu berriak finkatuz. Proiektuaren bidez, lau polo edo hub industrial sortuko dira Alemanian, Herbehereetan, Turkian eta Euskadin (BIH4C), deskarbonizaziorako teknologia berritzaileak inplementatu eta eredu berria probatzeko.
Mahai-inguruak lau hizlari izan zituen. Cristina Oyón SPRIko (Eusko Jaurlaritza) Teknologia, Berrikuntza eta Jasangarritasuneko zuzendariak Net Zero Basque Industrial SuperCluster (NZBISC) delakoa aurkeztu zuen, IS2H4C proiektuari dagokion euskal hub-a garatzen ari den esparrua. NZBISC SPRIk, Iberdrolak eta Repsol-Petronorrek kluster industrialen laguntzaz bultzatutako ekimen estrategikoa da, eta euskal industriaren isurpenen murrizketa bizkortzea du helburu, teknologia berrien eta zerbitzu berritzaileen garapenak enpresei ekarri ahal dizkien aukera berriak bultzatzeaz gain. World Economic Forumeko (WEF) Transitioning Industrial Clusters towards Net Zero programari atxikita, ekimen honek kluster eta enpresa industrialekin batera lan egiten du deskarbonizaziorako teknologien eta sektore-arteko sinergien inguruan, eta horietako batzuk BIH4Can probatuko dira.
Bestalde, Nora Fernandez Tecnaliako Project Managerrak IS2H4C proiektuaren ikuspegi orokorra eman eta Basque Industrial Hub for Circularity (BIH4C) delakoan jorratuko diren sektore-arteko sinergietan eta teknologia berritzaileetan sakondu zuen. BIH4Cek 10 enpresa biltzen ditu: Tecnalia buru, Euskadiko Energia Klusterrak dinamizatzen du eta Calcinor, Sidenor, SBS, Lointek, Petronor Innovación, Smurfit Kappa, Nortegas eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa ditu partaide.
Jarraian, Manu Nuñez Petronor Innovación-eko Zuzendariak konpainiaren deskarbonizazio-estrategia aurkeztu zuen, 2050ean zero isurpen garbira iristeko gauzatu beharreko industria-eraldaketa barne. Hartara, hidrogenoaren inguruan bultzatzen ari diren ekimenei erreparatu zien, Hidrogenoaren Euskal Korridorea (BH2C) kasu. Proiektu eta ekintza zehatzen bidez eta 74 erakunde tarteko dituen lankidetza publiko-pribatuko estrategia baten laguntzaz Euskadin hidrogeno berdearen ekosistema sortzea da ekimen honen helburua.
Azkenik, Aitor Pablos SBSko Business Development Managerrak SBS hondakinen errebalorizaziorako garatzen ari den teknologien ikuspegi orokorra eman zuen, IS2H4C proiektuan jorratuko duten altzairugintzako zepen karbonatazio-prozesua nabarmenduz.
Hitz gakoa
Teknologia
C/ San Vicente 8, Edificio Albia II.4ª plta Dpto. B. Dcha. 48001 Bilbao
Tel. 94 424 02 11
mail@clusterenergia.com